Iván Ureta artista gaztearekin solasaldian

Udaleko gazteria-zerbitzuan lanean ari gara prestakuntza eta kultura-jarduerak garatzen laguntzeko, bai eta Barakaldoko gazteen sorkuntza artistikoa sustatzeko ere.

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak “Udal Gaztedi” estrategia garatu du azken urteotan. Estrategia horren helburuetako bat da, besteak beste, erakundeen arteko lankidetza-estrategiak bultzatzea, Bizkaiko gazteei hainbat arlotan laguntzeko.

Esparru horren barruan txertatzen da “Gazte Artea Ezkerraldean” programa bateratua, eta Barakaldo, Portugalete, Santurtzi eta Sestaoko artista gazteen kolektiboa ikusaraztea eta sustatzea du helburu. Programa horren bidez, erakusketa kolektibo bat egiten da urtero, lau udalerrietako gazte- eta kultura-ekipamenduetan barrena,  gazte-artea herritar guztiei hurbiltzeko.

Aurtengoan, Ivan Ureta artista barakaldarra aukeratu dugu haren lanak 4 udalerrietan erakusteko. Azaroan, Gazte Bulegoan ikusi ahal izango dituzue.

– Ivan, azalduko al zeniguke pixka bat zertan datzan oraingo honetan aurkezten duzun obra?

Lan hau egin nuen aldian, neure lanaren ardatza hauxe izan zen: neure hurbileko kanpo-mundua erakustea, bai eta barne-mundu  onirikoago eta irrealagoa ere, zeinetan eragina duen kanpoko munduak. Horretarako,  surrealismoa hartu dut erreferentetzat  koadro fantasiatsuenetan, eta barrokoa, berriz, errealistenetan, nahiz eta horiek ez izan eragin bakarrak.

– Zenbat denbora daramazu margotzen?

Txikitan, akuarela-putzuetan  eta kartoiz eraikitako gauzen artean dakusat neure burua; nahiz eta  12 urterekin heldu nion  lehenengo pintzelari. Hala ere, ez nuen serio hartu DBHko 4. mailara iritsi nintzen arte,  hori baino lehen “hobbie” edo zaletasuna  bainuen.

– Zer deritzozu  artista gazteei laguntzeko Gazte Artea Ezkerraldean ekimenari?

Ekimen hori, nire ustez, nahiko beharrezkoa da erakusketen, lehiaketaren eta/edo deialdien munduan konfiantza hartzen hasteko bultzada behar duten gazte guztientzat, askotan geure lana gutxiesten baitugu eta ez baikara ausartzen, porrotaren beldur; horregatik, aukera horrek nahikoa laguntzen du beldur hori kentzen.

– Eta zer diozu udalerrian artista gazteen lanak erakusteko lekua – Gazte Bulegoa, adibidez – izateari buruz?

Aberasgarria iruditzen zait, bai udalerriarentzat, bai beren burua ezagutarazi nahi duten artista gazteentzat,  hori nahiko zaila da galeria handien munduan; izan ere, talde txiki eta hautatu bat baino ez da iristen baita horra. Beraz, horrelako espazioek dezente laguntzen dute, udalerriari aberastasun kultural handiagoa ekartzeaz gain.

– Zertan ari zara orain lanean, Ivan?

Hainbat proiektu hausnartzen ari naizen arren, une honetan, hasita daukadan lanari edo obrari buruz baino ezin dut ziurtasunez hitz egin, erakusketa honetan aurkezten dudan obran egin nituen aurkikuntza guztiak laburbiltzen baitira.

Obra guztiak bukatu eta horien barruan gertatu zenaz gogoeta egin ondoren,  obren barruan bertan beste maila edo estadio batera jauzi egin, eta aurreko guztia barne hartzen zuten obra berri eta sinple pare bat sortu nuen. Obra horietatik abiatuta, teorizatzen hasi nintzen gaur egun dauden puntura eramateko, alegia, errealitatearen eta irudimenaren sintesi sakonagora, eta begiradak errealitateari eragin eta irudimena txertatzen duenez, imaginario edo lengoaia berri bat sortzen da.