ELKARRIZKETA: ANDER CERRATO

Bizkaiko Foru Aldundiaren Gaztedi Bizkaia programaren helburuetako bat, gazteen parte-hartzearen esparruan, arte-sorkuntza sustatzea da, eskualdearen sektoreari eta kultura-arloko elementu dinamizatzaileari laguntzeko, artista gazteak sustatuz. Lanbide-eremuan sar daitezen bultzatu nahi da, beren proposamenak eta sorkuntzak ezagutarazteko aukera emanez. Asmo horrekin sortu da “Gazte Artea Ezkerraldean” programa. Horren bidez, lau artistak beren lana erakutsiko dute ezkerraldeko udalerrietan (Barakaldo, Sestao, Portugalete eta Santurtzi), erakusketa kolektibo batean.

Gaur, Santurtzik hautatutako artista gaztea aurkeztuko dizuegu, Ander Cerrato. Beren argazkiak ikusgai izan zituen azaroan zehar, 02tik 21era, Mamarigako Kulturgunean. 

– Ander, zer esango diguzu zure lanari buruz?

Aurkeztutako serieak esposizio bikoitzeko hiru argazki analogiko ditu, ‘Filmswap’ izeneko teknika esperimental baten bidez egindakoak; hau da, argazkilari batek karrete oso bat kliskatuko du, eta,ondoren, beste argazkilari batekin trukatuko du karretea hark berrerabil dezan; horrela, bi artisten perspektibak nahastu eta zorizko erakusketa bikoitza sortuko da. Kasu honetan, Portugalete eta Berlingo  hiri-paisaiak lotzen dituzten 3 argazki dira (Mikel Erkiagak egindakoak). Lan horiekin zoriak eta kasualitateak bat egin dezaketela erakutsi nahi dut, forma harmonikoak sortzeko.

– Zenbat denbora daramazu margozten, argazkiak egiten, filmatzen, …?

Bideoari dagokionez, 6 urte baino gehiago daramat proiektu pertsonalak eta enkarguak egiten: bideoklipak, bideo komertzialak eta dokumentalak. 2017an, nazioarteko zinema jaialdiko saria irabazi nuen,  nire proiektu pertsonaletako batekin.

Argazkigintza analogikoan 2016tik daramat, noiz edo noiz argazkiren bat ateratzen hasi nintzen, eta 2017an, teknika esperimentaletan bete-betean murgildu eta diziplina horri lotuta sentitu nintzen.

– Zer dirudizu Gazte Artea Ezkerraldean ekimena?

Ekimen bikaina iruditzen zait, eta oso beharrezkoa, gure udalerrietan sortzen ari diren artisten belaunaldi berriei ikusgarritasuna emateko.

– Eta herrian artista gazteen lanak erakusteko leku bat izatea?

Primeran. Gure artea erakusteko sare sozialak ez diren beste espazio bat edukitzea ere ondo dagoela iruditzen zait. Horrela, beste modu batean ezagutu ezingo genituzkeen diziplina desberdinetako artista berriak deskubritu ahal izango ditugu.

– Konta iezaguzu zerbait zure etorkizuneko proiektu edota lanei buruz.

Argazkigintza analogikoan aktibo nago beti. Egunero nabil nire kamerarekin argazkiren bat ateratzen. Diziplina horretan ez dut inoiz ere atsedenik hartzen.

Bideoari dagokionez, “La Suerte” izeneko nire azken proiektu pertsonala zinemaldietan banatzeko prozesu batean nago, eta azaroan argitaratuko dut sareetan, Vimeoko nire kanalean (vimeo.com/Andercerrato).

Horrekin batera, bi filmaketa antolatzen ari naiz: bata bideo erretratu batena, eta bestea, film labur batena. Une honetan filmaketa egunak antolatzen ari naiz filmatzen hasteko eta sortzen jarraitzeko.