Janire Escolar Ulibarrik   Italiako Lecce hirian egindako konferentzian parte hartu zuen, herrialde desberdinetako  hogeita hamar parte-hartzailerekin batera.


– Azaldu pixka bat zure karrera profesionala:

El Pilar ikastetxean eta Nicolás Larburu institutuan ikasi nuen. Geroago, Batxilergoa egin nuen Beurkon, eta hura amaitutakoan,  Fisika ikasi nuen EHUn. Unibertsitatea amaitzean material berriei buruzko masterra egin nuen EHUn eta Kantabriako unibertsitatean.

Orain Exteterreko Unibertsitatean nago, Erresuma Batuan, bi dimentsioko materialei buruzko doktoretza (Nanoteknologia) egiten.

 

– Zerk animatu zaitu Fisika ikastera? Beti egon zara ziur?

Beti gustuko izan ditut Matematikak edo Fisika eta Kimika irakasgaiak. Batxilergoa ikasten ari nintzela erabaki nuen Fisika ikastea.

Hasieran, zalantzak izan nituen Matematika eta Fisikaren artean, baina azkenean, Fisika aukeratu nuen. Fisikak gure inguruan dauden gauza guztiak ulertzea dakar, mundu subatomikotik espaziora.

 

– Azaldu ahal diguzu zure proiektua zertan datzan?

Nire proiektua bi dimentsioko materialetan oinarritzen da. Adibidez, grafenoa. Proiektu ezberdinetan lan egiten dut horrelako materialak erabiltzen. Horretarako,  hasieratik fabrikatu behar ditut laginak, inguru garbi batean. Ondoren, zehaztu eta ezaugarriak ezagutu, eta nola erabili ahal diren ikertu.

Adibidez, nire proiektuetako batean, transistore bat egiten ari naiz ZrSe2 izeneko material batekin. Gailu hori ordenagailuetan eta mugikorretan erabil daiteke.

 

– Zergatik erabaki zenuen atzerrira joatea?

Saiatu nintzen lana aurkitzen, bai Euskadin bai Espainian,  baina ez nuen  lana aurkitu, ezta bekarik lortu ere. Orduan erabaki nuen atzerrira joatea. Gainera, banekien aukera ona izango zena ikasketak beste hizkuntza batean egitea.

 

– Zein da herrialde ezberdin batean bizitzean aurkitu duzun arazorik garrantzitsuena ?

Moldatu behar izatea; alegia, hutsetik hasi beharra.  Leku berriko bizimodura egokitu behar zarela konturatzen zara; hango ohitura eta arauak onartu behar dituzula.

Egia esan, mota guztietako arazoak izan ditut. Hasieran, neure zuzendariarekin izan nituen arazoak. Abokatuak behar izan nituen zuzendaria aldatzeko, eta berriro hutsetik hasi behar izan nuen.

Arazoak izan nituen ere gizarte-segurantzarekin, hemengo eta hangoa oso ezberdinak direlako. Gainera, zaila da etxetik eta maite dituzun pertsonetatik urrun egotea.

Hizkuntza ez da arazo handia izan, ordurako  nahiko ondo hitz egiten nuelako ingelesa.

 

– Zure ustez, zein da zientziaren lekua gaur egungo gizartean? Eduki behar duen garrantzia ematen diogu?

Zientziak, ez bakarrik Fisikak, garrantzia handia izan behar du, guztientzat onuragarria delako. Zientzia garapena eta eboluzioa da. Nire susmoa da Espainian ez daukala behar besteko garrantzia. Bekak murriztu egin dituzte,  era horrek ikerketa mugatzen du.

 

– Zer egin nahi duzu etorkizunean? Non ikusten duzu zeure burua 10 urte barru?

Egia esateko ez daukat ezer pentsatuta. Orain  doktoretza amaitzeko lanetan ari naiz buru-belarri. .

 

– Nola ikusten duzu emakumeen aurrerapena zientzien arloan?  

Fisika arloan  emakumeen kopurua  handitu egin dela ikusi nuen EHUn. Exeterreko Unibertsitatean, esaterako, emakume asko daude doktoretza egiten.

 

– Arazoren bat izan duzu emakumea izateagatik?

Zuzenean ez. Behar izan dudanean beti izan dut kideen laguntza. Batzuetan nik eskatu gabe eskaini didate laguntza, eta, behar izan dudanean, animatu egin naute.

 

-Erreferenteren bat daukazu? Jarraitu  nahi duzun adibideren bat?

Egia esan, ez daukat erreferenterik.

 

– Zer aholku emango zenioke zientzialari izan nahi duten neskei?

Oso garbi izan behar duzu zientzian aritu nahi duzula, gogobetez egin behar baituzu lana, eta bete-betean saiatu. Zientzia, oro har, eta, bereziki, ikerketa arloa, oso frustragarria da. Lanaren % 99 saiakera-akatsa da; beraz, huts egiten ohitu behar zara eta hunkitu gabe onartzen. Horretarako gauza izanez gero,  animatzen ditut zientzian lan egitera. Ez dute beldurra izan behar emakume izateagatik.

Award_big

Janire Escolar Ulibarri, bigarrena eskuinetik